«MAIATZAK 17» Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

jueves, 17 de mayo de 2012
LAB sindikatuak bere egiten du Euskal Herrian LGTBen (lesbiana, gay, transexual, bisexual) askapenerako borroka, bai erakundean bertan, baita gainerako esparruetan ere. Sindikatuak neurri eta proposamen normalizatzaileak eta bazterkeriaren aurkakoak bultzatuko ditu, langile eta herritar guztiontzat eskubideen berdintasuna berma dadin, sexu orientazioagatik bereizketarik onartu gabe.

 LABen pentsatu dugu premiazkoa dela neurri batzuk hartzea:

- Lehena: erasoak gelditu eta salatu. Jazarpena, ia beti, gutxiren lana da, baina askoren tolerantzia (eta zenbaitetan, adostasuna) izaten du inguruan. Bai batzuen, bai besteen jarrerak aldatzen saiatu behar dugu. Erasotzaileek jakin behar dute inpunitatea bukatu zaiela. Alde horretatik, LABek salaketak bildu, aztertu eta zerbitzu juridikoek berariaz jorratuko dituzte.
Geroago, eta beste sindikatu eta alderdi politikoekin batera, Diskriminazioaren aurkako bulegoa eratzen ahaleginduko da, baita Homofobiaren aurkako behatokia ere, gai hau bereziki tratatzeko.

- LABek prestakizun berezia emanen die bere ordezkariei gai honen inguruan. Ordezkariek erasoen biktimari babesa eman behar diote, eta salaketak bideratzen lagundu.

- LABek homofobiaren gaia eta horren kontrako neurriak zabalduko ditu bere webgunean, triptikoetan, karteletan…

- LABek gai hau larria dela azpimarratzen du: lan giroa pozoitzen du homofobiak, eta ondorioak ditu langileen osasunean eta haien arteko harremanetan.

- LABek kanpainak antolatuko ditu irain homofoboak (eta, oro har, sexistak) baztertzeko. Ez duzu aditu baten bat gaur bertan?

- LABek giro homofiloa sortzeko kanpaina antolatuko du, LGTB jendea babestua sentitzeko eta, nahi izanez gero, lantokian armairutik lasai atera dadin, beldurrik gabe.

- LABek sexu aukera guztiak berdin tratatzeko konpromisoa hartzen du.

- Norberak gauzak nahi bezala adieraztea babestuko du LABek, hots, nahi dituen keinuak eta mintzamoldea erabiltzea.

- LABek langileak animatzen ditu nahi duten itxurarekin eta jantziekin etor daitezen lanera.

Sexu orientazioagatik erasoak dituztenek hona idatz dezakete, nahi izatera:
emakumeaknafarroa@labsindikatua.org; politikasoziala1@labsindikatua.org

Bukatzeko, Euskal Herrian bizi dugun aro berriak zenbait aldaketa ekarriko ditu, ezbairik gabe. LGTBentzat ere izan dadila itxaropide, beharrezkoa baita guztion parte-hartzea.

0 comentarios: